XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adoleszentea, neurri haundi batetan, narzisista da: bere burua begiratzea eta errespetatzea gogozko zaio.

Adoleszenteari berezkoa zaio, halaber*, sentimenduen inestabilitate haundi bat.

Kanpo aldera oso ausartá azalduta ere, adoleszentearen barne mundua segurtasunik ezak osatzen du gehienbat, batez ere sentimendu mailan: gainez egiten diote sentimenduek, ezin ditu menperatu.

Memento honetan, sentimenduen segurtasuna falta delarik, amaren irudiak garrantzi haundia hartzen du: amak babesa eta sentimenduen lasaipena irudikatzen ditu.

Adoleszentziaren adierazgarri hauk* kulturara, besterik gabe, aldatzerik ez dagoela gauza argia da.

Gure egoera ulertzeko laguntza bat izan daitezkeela ere bai.

Euskal egoeran, adierazgarri horien zenbait arrasto aurki daiteke: geure burua beste herrietatik ahalik eta zorrotzen bereizi beharra; euskal egoeran, narzisismorik ez da falta (hizkuntzara begiratu besterik ez dago).

Baina beste adibide bat aipatu nahi nuke gaur bereziki hemen: ama euskara.

Hizkuntza propioa goraipatzea, herri guztietan gertatzen den zerbait da.

Berez, garrantzirik gabeko gauza.

Herri batek, ezinean dagoenean, herri bezala bereizten duen gauzari eusteak*, ebidentziaren kutsua du berekin.

Halaxe egin zuen Detxeparek, berdin F. Arrese Beitiak.

Geroago, euskarari euste hori ama irudiaren bitartez egiten da.

Ama irudia, euskara eta Euskal Herria adierazteko irudirik garrantzitsuenetakoa bihurtzen da: ama gaixo dago.

Horretaz gainera, sentimenduz jositako irudi hori politikan erabiltzen da: hiltzear* dagoen amaren aurrean, umeen elkarren arteko haserreak alde batera utzi behar dira; ama hil hurren baldin badago, kritika guztiak bazterrera utzi eta indar guztiak amaren bizitza salbatzeko batu behar dira.

Argumentazio politiko-sentimental honek ba du hutsunerik eta arriskurik.

Ez dago, argumentazio horrek pentsatzen duen gauza ukatu beharrik, argumentazioaren modua eta haren ondorenak kritikatu ahal izateko.

Argumentazioaren hutsuneak alde batera utzirik, dituen arrisku batzuk* azal ditzagun.

Arriskurik nagusiena honetan datzá: euskara eta Euskal Herria amarekin identifikatzean.

Identifikazio horrek arazo guztia sentimentalizatu egiten du, politika sentimenduarekin nahasten du, behar baino neurri haundiagotan; eta horrek euskal kulturaren adoleszentismoa finkatu bidé du.

Adoleszentismoa berez ez da ez on, ez txar; pertsonaren bilakaerañ iragan beharreko garai bat baizik.

Gizon helduetan da adoleszentismoa gaitz bat.

Horregatik kontu eduki behar litzateke, adoleszentismo hori finka dezakeen edozein argumentazio edo irudirekin.

Gaur eguneko euskal sentimenduen segurtasunik eza, ama irudiaren bitartez superatu ez baina ixilerazi egiten da.

Adoleszentismoa, urte asko ez dela, ohizkó irudi erlijiosoek finkatzen zuten, neurri haundi batetan: Arantzazuko martxa, Arantzazuko amarengana.

Erlijioak eratutako estruktura psikologikoak ez dira, irudiak aldatuz, garaitzen.

Horregatik, oraindik ere, erlijioak osatutako estruktura psikologikoetan bizi gara maila askotan, eta estruktura horiek beren alderdi txarrak ere ba dituzte.

Dudarik ez dago, gure adoleszentismoak sustrai asko dituela.

Horietan garrantzitsuenetakoa, kanpotikako presioa izan daiteke.

Horrek, ordea, ez du eskubiderik ematen, adoleszentismoaren arriskuak baztertzen ez saiatzeko, eta, aré guttiago, kanpoko etsaia etxe barruan sartzeko: kanpotik guri ezarritako zerbait, geuk Euskal Herri barruan oraindik geure irudi, argumentazio eta jokabideekin sendotzeko.

JOSEBA ARREGI.